2021ean ere ez da Zegama-Aizkorririk egingo

Ekainaren 6an ospatu behar genuen Zegama-Aizkorriko XIX.en edizioa bertan behera geratzen da momentuko osasun egoera aztertu ondoren eta herritarrei, boluntarioei eta korrikalariei merezi diegun errespetuagatik. 2021ean ez gara elkarrekin egongo, baina Zegamak jarraitzen du.

Zegama-Aizkorriko antolakuntzatik, gaur egun bizi dugun osasun egoera dela eta, 2021eko edizioa ere BERTAN BEHERA UZTEA erabaki dugu.

2020.en urtea oso gogorra izan zen denontzat eta aurrez inoiz ezagutu gabeko egoerak bizi behar izan ditugu. Inoiz pentsatzera ere agian iritsiko ez ginen momentuei aurre egin behar izan diegu. Baina guztiak bezala, bizitakoak irakaspenak eman dizkigu eta urte honetako hainbat momentu bizi osoan zehar gogoratuko ditugu. Ekimenik txikienak ere, indarra hartu eta mundu guztiko 12.000 “ero” baina gehiago Zegaman sentitu genituen maiatzeko aste batez, 42 km egin eta plazara irribarre handi batekin iristen.

Aurreko urteko hutsunea bete nahian, inoiz baina gogotsuago eta aldi berean ziurgabetasun handiagoarekin aritu gara lanean. Baina pasatakoak zerbait erakutsi badigu, ikusten ez denaren aurka borrokatzea oso zaila dela da. Guk geuk ere oraindik ondo ez dakizkigun eta uneko egoeraren arabera aldatzen diren arauekin aurkitu gara. Baina aurtengoan ere, ezin genuen denon segurtasuna bermatu.

Zegama-Aizkorrik lau zutabe garrantzitsu dituela esan genezake. Lehena, korrikalariak, pazientzia handiz hainbat urte zozketa itxaroten duten korrikalariak. Bizian behin egin beharreko gisan markatzen gaituzten korrikalariak. Askorentzat urteko helbururik garrantzitsuena izango ginen, pandemia honetan entrenatzen jarraitzeko argi izpi bat izan bagara eta ilusioa bizirik mantentzeko balio izan badizuegu, ez etsi!

Bigarren zutabea, urtero gurera mundu osotik etortzen diren eliteko korrikalariak dira. Beraiek eman digute urte guzti hauetan zehar nazioarteko lasterketa maila, gure izena zabaltzen lagundu digute. Ia kirolari profesionalik ez duen kirol txiki honetan, lasterketarik gabeko urtea benetan gogorra izan da eliteko atleta hauentzat. Askoren biziraupena lasterketatik irabazten dutenera mugatzen baita.

Gure hirugarren zutabea, eta benetan harro sentitzen garena, zu zara. Gure ikusleak, bai guri sareetan jarraitzen gaituzunak baina bereziki, korrikalariak Sancti Spirituko pendizean orroekin bultza egiten diozuenak zarete. Urbiko zelaietan, inor gal ez dadin, pasilloak egiten dituzuenak zarete. Euri, haize edo eguzki Aizkorriko puntan irribarre artean aldapa bukatu dela oihukatzen duzuenak zarete. Nazioartean “Basque fever” bezala ezagutarazi gaituzuenak zarete. Munduko hainbat lasterketaren artean berezi egiten gaituzuenak, zuek zarete.

Eta azken zutabea, eta garrantzitsuena, gure boluntarioak zarete. Zegama-Aizkorriren izena irribarre batekin lotzea lortu duzuenak, munduan zehar Zegamako Buff edo kamiseta bat ikusi eta barnean zerbait mugitzen zaizuenak. Asko herrikoak bertakoak, baina baita inguruko herrietatik etorri eta asteburu batez ia zegamar bihurtzen zaretenak. Zuentzat bai ez dugula esker hitzik!

Hauek dira gure etxea zutik mantentzen duten habeak, noski estalpe bat egin genezakeela zutabe bat gabe, baina Zegama-Aizkorriko antolakuntzatik argi dugu hori ez litzakeela Zegama-Aizkorri izango. Bakarrik elitedun lasterketa bat ez litzateke gure baloreetan oinarrituko, publikorik gabeko Zegama batek ez luke xarmarik izango, zozketaz hainbeste kosta eta gero dortsala lortu duen korrikalari errespetu falta izugarri bat egingo genioke lau zutabeak mantendu ezean.

Egoera ikusita ez zaigu gehiegi kosta erabakia hartzea, ziurgabetasun momentu honetan segurtasuna bermatzea izan da gure hautua. Horretarako beste urte batez Zegama-Aizkorri orain arte ezagutu dugun moduan ospatu behar ez badugu, ez dugu ospatuko. Inongo irabazi asmorik gabe antolatzen dugu kirol festa erraldoi hau eta gure herriari, boluntarioei eta korrikalariei merezi diegun gutxienekoa errespetua da.

Beraz, beste urte batez gorde egingo ditugu 2020an esleitutako dortsalak eta itxaron zerrendak eta horregatik, 2022an ere ez da aurre-izen emate eperik irekiko.

Baina lanean jarraitzen dugu Zegama esperientzia epe labur batean bizi ahal izan dezazuen. Bitartean segi dezagun elkar zaintzen!

Uste baina lehenago ikusiko dugu elkar!

2021EAN EZ GARA ELKARREKIN EGONGO, BAINA ZEGAMAK JARRAITZEN DU.

Ohar osoa